2012-04-06

Etorkizunerako lau zurtoin

Etorkizunerako lau zutoin

Amalur jardunaldiak deskubritu ditugu aurten Hirukideko eko ordezkariok. Duela hiruzpalau aste mahai baten inguruan bilduta geunden egin behar genuenaz hizketan. Azken batean, ikasmaila bakoitzeko eko ordezkariak (eskolako Agenda 21-eko ordezkariak) Amalur jardunaldietariko batera joango ginen gure kamera eta paperak hartuta, egunean eguneko hizlariari elkarrizketatxo bat egin eta ondoren hitzaldia entzutera. Egun bakoitzean, zegokion ikasmailako ordezkariek beren iruzkina eta bideoa blogean zintzilikatuko zituzten.
Gazteak gara, eta gure gaztetasun bizitik dena azkar egitea besterik ez dugu gustuko. Dena azkar eta dena ondo. Oraindik gure etorkizunaren nondik-norakoak ohi dugun ezjakintasunez antolatzen eta erabakitzen ditugu. Esate baterako, lehengo astelehenean, osteguneko elkarrizketa prestatzen aritu ginen, eta asteartean, berriz, hurrengo asteko filosofiako azterketa. Nahi gabe, baina, etorkizuna sendo eraikitzeko hainbat zutarri eman dizkidate jardunaldietako lau pertsona horiek.
Antxon Arza. Indarra. Baina, ez, inola ere, indar fisikoa. Bizitzan aurrera egiteko indarra. Horixe da, duda izpirik gabe, Antxon Arzak irakasten duena. Bizitzak eman dizkion kolpe latzetatik ikasi duen guztia agerian uzten profesionala da, eta horrek inguruko guztien esperantza eta bizitzeko gogoa handitzen ditu ikaragarri. Bere emazteari zor dio zoriontasunaren gakoa eta aurrera egiteko giltza, eta ibaiari, bere bizitza aldatzearena. Gure arazoak zenbateraino diren arazo konturatzen lagundu dit Antxon Arzak, eta, bizitzan aurrera baikortasunez nola abiatu badut nolabaiteko erreferentzia.
Bigarrena, Ángel Cuerdo. Jakin-mina. Txoko berriak ezagutzeko irrika ase ezin hori da Ángel Cuerdok transmititzen duena. Munduko ibai handi eta, askotan, zurrunbilotsuenetan (egoera politiko-sozialak direla medio) ibilitako gizona da bera, eta bere bizitzaren oinarri diren kontakizun haiek kontatzean, inoiz gainetik kendu ezin duen (eta hala jarrai dezala) jakiteko, ezagutzeko irrika hura erakutsi zigun. Guztiz beharrezkoa dira bizitza honetan proiektuak, helmugak eta nolabaiteko utopiak, eta esperantzaren oinarri ere bai.
Hirugarrena, Román Morales. Askea, librea, loturarik gabea. Orain arte ezagutu dudan (hamazazpi urterekin oraindik asko dut ikasteko) morroirik askeena da, ezbairik gabe. Nerabezaro aldrebesa igaro zuen, eta nolabaiteko aldaketa bat izan zuen hamalau bat urterekin, bere sortokiko (Kanariar irlak) mendi batera asteburu bateko ibilaldia egin zuenean. Literaturaren maitale fina eta naturazale amorratua dugu Román Morales. Inork zer egin behar den esan gabe nork bere buruari jarraitzea ere zoriontasunaren bidea dela ikasi dut.
Azkena, Javier Reverte. Lasaitasuna. Bizitza ezagutu eta bizi izan duen hirurogeita zazpi urteko gizaseme horrek esana da bizitzan datorren guztia onartu behar dela. Bizitzako aldaketak egon badaudela eta haien aurrean gogor eutsi behar dela argi utzi zuen Revertek. Ikasleok aldaketen aurrean nolabaiteko segurtasun-eza sentitzen dugu ia beti, eta bizitza luze bat atzean duen gizon hark esana gogoan hartzea oso izango zait baliagarri.
Ikasleok dugun mundu-ikuskera nahiko itxia da oraindik. Ez dugu geure ingurutik haratago ezer asko ikusten, eta gure gotorleku den eskolatik ateratzean konturatzen gara horretaz. Hurrengo urtean nondik nora jo erabakitzea ari gara eta nork bere burua eraikitzea tokatuko zaigu. Indarra, jakin-mina, askatasuna eta lasaitasuna. Bizitza ulertzeko modu asko egongo da, ziurrenik; baina, nik horixe aukeratzen dut.

Iñigo Azkue 
Batxi 2.mailako ekoordezkaria

No hay comentarios:

Publicar un comentario